alarde publikoa

Nork defendatzen du berdintasuna?

Alarde pribatu diskriminatzaileak legezkotzat aitotzen dituen EAEANen epaiaren azterketa

Legaltasun formala alibi prekario gisa, emakumeak alardetik baztertzeko

Azken garaietan, emakumeen defentsaren aldeko aldarrikapen ozena eta adeitsua -zaratatsua dela ere esan liteke- urtero, eskura dauzkaten bitarteko guztiez baliatuz, gure kaleetan antolatzen duten alarde pribatuan, emakumeek kide gisa parte-hartzea galarazten duten horien aldetik. Irunen eta Hondarribian elkarri ematen diote babesa eta legezko babesa dute horretarako Auzitegi Goreneko Arlo Zibileko Salaren 2007ko eta 2008ko epaietan.

Hain zuzen, bi epaietan legezko tarte prekario eta estua irekitzen da eta horri esker, Zuzenbidezko Estatu baten esparruan indarrean iraun ahal dute emakumeak baztertzen dituzten desfile horiek, kontuan izanik estatu horrek oinarrizko eskubideak bermatzen dituela eta horien artean, berdintasunaren eskubidea ere bai pertsona guztientzat.

Beraz, non dago trikimailua? Erakunde pribatuak dira eta pribatuak bakarrik izan ahal dira; horrela babesten da eremua esku-hartze publikotik. Bestela, indar osoa edukiko lukete aurretik -2002an- Auzitegi Gorenak emandako bi epaiek (oringo honetan Administrazioarekiko Salaren bidez), eta haietan oinarritzen da  alardeen gaineko epai irmo eta garbia: Udalak (erakunde publikoa den aldetik) alarde horiek antolatzen baditu, diskriminazioa egiten ari da, berdintasunaren printzipioa urratuz, emakumeen berdintasunezko presentzia bermatzen ez bada.

Baina ez gaitezen engainatu, alarde pribatuak mantentzeko erabiltzen den legezko tartea estua eta oso prekarioa da. Erakunde pribatu gisa mantentzeak herritar guztiei legez dagokien ondare bat kentzea dakar, hau da, jaia eta antolatzeko zein bizitzeko modua, eta une orotan herritarrek beraientzat aldarrikatu ahal dute hainbat bitartekoez baliatuz, adibidez, alardeak herritar guztien ondare kultural gisa. Gainera, horrela betiko uko egiten zaio babes publikoa (edozein motatakoa) bilatzeari edozein modutan edo modu esplizituan zein inplizituan, agerian edo zeharka emakumeak baztertzen dituen ekimen horretarako. Bestela, tarte estu horretatik ateraz gero, oinarrizko eskubideak erabat nagusi izango lirateke antolatzaile pribatuentzat.

Emakumeak sartzea galarazten duten alardeei edozein babes mota emateko tentaldia eduki dezaketen botere publikoei buruz, inoiz ez dago soberan gogora ekartzea deuseztasun-akzioen pean eroriko liratekeela, bide arriskutsu horri ekitera ausartuko liratekeen agintariei ekar liezaiekeen desgaikuntzaren mehatxua hortxe egongo litzateke.

Baina, teknizismo juridikoetatik harago, nork pentsa lezake emakumeak -emakume izate hutsagatik- onartzen ez dituen alarde bat ez dela diskriminatzailea? Gai honi buruz, argi dago –formalki- legezko egia bat badagoela eta –materialki- beste egia sozial bat.

Nahikoa da emakume bakar batek alarde pribatuan sartzeko eskatzea, horren ondorioz letorkiokeen ezetz borobilak ekitaldi horren izaera diskriminatzailea argi eta garbi.agerian uzteko

Formalismo juridikoak eta legezko tarteek ez dute estaltzen, beraz, egia borobilaren indarra, edonork ikus lezakeen egia honena: tradizionalistek urtero burutzen duten eta kaleetan agerian uzten duten erabateko diskriminazioa.

Juridikotasun formala eta legimitate etikoa ez dira, tamalez, termino baliokideak, eta beti ez datoz bat, ez denborarekin ezta lekuarekin ere. Bat etortzearen eza hori gogora ekartzen diguten adibideak ez dira falta (ez da hainbeste denbora pasa emakumeek senarrei baimena eskatzen zietenetik edozein kontratu edo ekintza juridikoa egiteko).

Baina munduak aurrera egiten du, eta berdintasunak ere bai. Agian jurisdikzio zibileko auzitegiek ez lukete onartuko 2017an kalea jabetze pribatuaren mendean egon litekeenik eta pribatua dena berdintasunaren printzipiotik aparte gera litekeela.

Nolanahi ere, urrats txikitan konkistatzen bada ere, berdintasuna geldiezina da eta nagusitu egingo da zalantzarik gabe, beste eremu batzuetan gertatu den bezala, eremu honetan ere bai.